
2009ko udazkenerako irekiko dute Aieteko kultur etxea eta Giza Eskubideen Institutua
Hirigintza
Kultur etxe eta Giza Eskubideen Institutuaren edukien proiektua abendurako gauzatuko dute.
xabier etxabe
Hilabete barru hasiko dira makinak Aieteko jauregian kultur etxea eta Giza Eskubideen Institutua eraikitzeko lanak egiten. Amenabar enpresa arduratuko da Aieteko jauregia egokitzeaz. Hamalau hilabete izango ditu enpresak lanak bukatzeko, Aieteko kultur etxea eta Giza Eskubideen Institutua, beraz, hurrengo urteko udazkenerako egongo da zabalik.
«Ia bost urteko zalapartaren ostean, lortu dugu Aieten kultur etxea egiteko lanak hasteko pausu erabakiorra ematea», esan du Odon Elorza alkateak.
Hilabete barru espero du alkateak lanak hastea. Kultur etxea eraikitzeko jauregia ingurutzen duen eremu handi bat hesituko dutela adierazi du Elorzak. Lanak egiteko 6,2 milioi euro gastatuko ditu Udalak.
Kultur etxea eta Giza Eskubideen Institutua
Aieteko jauregiak barrutik izango duen itxura ez du egungoarekin inongo antzik izango. Kanpoko itxura bere horretan mantenduko badute ere, barruan kultur etxea eta Giza Eskubideen instutua egiteko eraikina egokituko dute. Kultur etxeak 1.775 metro karratu izango ditu. Erdi lurperatuta geratuko dira liburutegi, haur txoko eta gaztelekua. Bigarren solairuan, kultur etxearentzat gelak egingo dituzte.
Giza Eskubideen Instituturako, berriz, beheko eta lehen solairua berrituko dituzte. Bi solairu hauek, duten balio historikoa dela-eta, babestuta daude, hortaz, bere horretan utziko dituzte neurri handi batean. «Jauregiko gunerik esanguratsuenak mantenduko ditugu, honela, beheko solairuan garai batean jauregia nola zen ezagutzeko gunea izango dute bisitariek». Aieteko Giza Eskubideen institutua, gainera, Europako beste institutu batzuekin elkarlanean arituko dela aurreratu du Odon Elorzak.
Bestetik, kultur etxe eta institutuan jarriko dituzten altzari eta bestelako edukiak zeintzuk diren ezagutzeko proiektua abendurako egongo da prest.
Aieteko parkeko topalekua berritze lanetan
Aieteko parkean dago zahar etxea eta eraikin horretan ere lanetan ari dira. Aieteko topalekua, zahar etxeaz gain, bestelako kultur ekitaldietarako bilgune izango dela dio alkateak. Eraikin honetan daude parkeko komunak eta hauek ere berrituko dituzte.
Lan hauetaz gain, Udalak Aieteko parkeko guardetxea berreskuratu nahi du. Parkeko zaindarien lana beharrezkoa dela azpimarratu du Elorzak. Hori dela eta, Egiako parkeko edo Aieteko parkeetako zaindariez gain, Ametzagañako parkean ere zaindaria jartzeko asmoa dutela iragarri du alkateak.
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.